XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

6. Gizakiak ez zuen inoiz dinosaururik ehizatu!

Historiaren eginkizuna iraganeko gertakariak, aspaldian gertatu ziren gauzak, kontatzea da, baina sarritan nahaste eta gaizki ulertuetara eramaten gaitu horrek.

Adibidez, uste okerra da iraganean gertatu zen oro historia dela pentsatzea; historia hitz idatziarekin, izkribuekin, batera jaio zen eta, beraz, gertakari bat historian sartzeko, gertakari historikoa izateko, lehen izkribuak baino geroagokoa izan behar du.

Orduan, gainontzeko guztia historiaurrea al da?

Ez guzti-guztia ere.

Gizakia sortu zenetik testigantza idatziren bat utzi zuen arte igaro zen denboraldiari esaten zaio historiaurrea edo prehistoria.

Horrela bada, hitz idatzia baino lehen agertu ziren animalia guztiak prehistorikoak al dira?

- Erantzun taldeka galdera horri, eta arrazoiak eman.

- Jar itzazue adibide batzuk zuen erantzuna argitzeko.

Hitz idatzia baino lehen Lurrean agertu ziren animalia guztiak ez dira prehistorikoak.

Lehen esan dugu historiaurrea gizakia edo bere arbasoak (hominoideoak, hominidoak, etab.) sortzean hasi zela eta bukatu hitz idatziarekin batera bukatu zela.

Hortaz, aldi horretan gizakiarekin batera bizi izan ziren animaliak soilik dira prehistorikoak.

Lurra sortu zenetik lehen hominoideoa agertu bitartean bizi izan ziren animaliak edo espezieak espezie geologikoak dira.

Gauzak horrela, historiaurreak eta historiak gizakia hartzen dute Unibertsoaren eta biziaren zentrutzat, eta horren inguruan antolatu eta sailkatzen dute iragana.

Mundua ikusteko modu hori, ordea, motzegia da, ez bait ditu gauzak bere osotasunean hartzen.

Kalkulu txiki bat egiten badugu, konturatuko gara gizakiak parte ttiki bat besterik ez duela betetzen Lurraren historia luzean.

Hala ere, aitortu behar da gizakiaren eragina oso handia izan dela, Lurraren garapena aldatu du eta.

DENBORA ERAIKITZEN

Erlojua

Orain Lurra sortu zenetik gaur arte igaro den denbora, egunak dituen 24 orduetan laburbilduko dugu.

Egun horretan zehar honako gertakariak jazoko lirateke: